EGITASMOAREN NONDIK NORAKOAK
METODOLOGIA
Ikasmaterial hau Heziberri Plana jarraituz egingo da, sekuentzia didaktikotan antolatuta egongo da eta landuko diren jarduerak egitura kooperatiboak erabiliz gauzatuko dira.
Sekuentzia didaktiko bat, ekoizpen erreal batean amaitzen den jarduera multzo harilkatu bat da. Ekoiztu beharreko materiala helburu duela, ikasleak garatuko ditu curriculumak proposatzen dituen gaitasunak horretarako aukeran jartzen zaizkion gaiak eta jarduerak bidelagun direla. Sekuentzia didaktikoak, beraz, helburu konkretu eta erreal bati erantzuteko jarduera-multzoak dira; gure kasuan, gai baten inguruan eratuko dira hezkuntza kooperatiboa erabiliz, beti ere helburu konkretu eta erreal bati erantzuteko. Jarduerek zentzua daukate azken ekoizpenari begira eta ekoizpena ahalik eta ondoen gauzatua izan dadin bideratzen dira Sekuentzia didaktikoko jarduerak.
Sekuentzia didaktikoek ikaste prozesua esanguratsua izatea bermatu behar dute logikoki nahiz psikologikoki. Hau da, batetik, lantzen diren edukiek lotura logikoak izan behar dituzte, eta bestalde, ikasleen behar eta ezagutzetara egokituak izan behar dira. Ikasketa prozesu hori esanguratsua izateko, ezinbesteko bi ardatz daude: lehena, materiala esanguratsua izatea eta bigarrena, irakasleak prozesuarekiko jarrera positiboa izatea.
Ekoiztu beharreko helburu horiek anitzak izango dira, konpetentzia desberdinak lantze aldera (ahoz nahiz idatziz; bitarteko desberdinak erabiliz eta azken helburuetarako euskarri desberdinak erabiliz), baina beti ere, modu integratuan.
Gaien ezagupenaren inguruko autoebaluaketa eta talde-hausnarketa, gaien eta edukien ulermena, gaien lanketarako bitarteko eta teknika desberdinen erabilpena hausnarketa eta ekoiztutako materialen aurkezpena, sekuentzia didaktikoan integratuko diren urratsak edo faseak dira.
Metodologia kooperatiboa: Ikasten ari diren berdinen arteko interakzioa garrantzitsua da benetako ideien elkartrukea eta eztabaida sustatzeko; hau da, adimen kritikoa, objektibotasuna eta hausnarketa diskurtsiboa garatzeko. Beraz, lan eta esfortzu indibidualaz gain, talde lana funtsezkoa da, gizabanakoak besteekin elkarri eragiten ikasten baitu.
Ikasketa kooperatiboa honako printzipioetan oinarritzen da:
- Elkardependentzia positiboa.
- Aurrez aurreko interakzioa.
- Taldearen egitura/antolaketa kooperatiboa.
- Bakoitzaren, taldearen eta prozesuaren ebaluazioa.
Honako 6 fase desberdin hauek osatuko lukete, beraz, sekuentzia didaktiko bakoitzaren oinarrizko egitura:
0. FASEA: EGOERA KOMUNIKATIBOAREN AURKEZPENA
Sekuentzia didaktikoaren abiapuntuan, ikasleei aurkeztu egiten zaie zer egitera eta zertan ikastera goazen hurrengo saioetan. Azken helburu komunikatiboa ere aurkezten zaie, eta baita helburu hori lortzeko dinamikak zein izango diren ere. Helburu komunikatiboa finkoa izanagatik ere, fase honetan malgutasunez jokatzen da, eta aukera izaten da ikasleekin batera azken xede hori ikasgelako interesen arabera egokitzeko.
1. FASEA: TESTUINGURATZEA
Atal honetan ikasleek dituzten aurrezagutzak aktibatuko dituzte eta duten informazioa elkarrekin partekatuko dute egitura kooperatiboak erabiliz. (1-2-4, Arkatzak erdira edo orri birakaria). Gai bakoitza lantzen hasi aurretik, irakasleak oinarrizko azalpena emango du eta galdera sorta bat planteatuko die ikasleei bi aspektu nagusi hauen inguruan eta ikasleek erantzun egin beharko dituzte:
- Zer dakite ikasleek landu nahi den curriculumaren atalari edo gaiari buruz?
- Zer dakite bukaerako proiektua ekoizteko behar diren ezagupenei, bitartekoei nahiz komunikazio/hizkuntza mailari buruz?
Modu honetan, dakitenaren kontzientzia hartu eta ikasteko beharrak identifikatu ahal izango dituzte. Horretarako jarduera zehatzak landuko dira: bideoak ikusi, eztabaidak, jolasak… Ikasle bakoitzak gai bakoitza lantzen hasi aurretik, taldeka, dakiena edo irizten diona aipatuko du. Informazio hori guztia ondoren gelakide guztien artean erkatu eta partekatuko dutelarik ordu erdiz. Informazio hori plataformara igoko dute (mooddlez edo e-postaz).
- Informazioa denean, banaka edo taldeka igo ahal izango da.
- Iritziak direnean bildu egingo dira, ariketa amaitu ondoren kontrastatzeko.
2. FASEA: GARAPEN FASEA
Behin gaia planteatu eta gero eta lanketa kooperatiboaren bidez, ikasleek gaiari dagozkion galderak erantzun ahal izateko informazioa bilduko dute. Informazio horren zati garrantzitsuetako bat ”Tribuaren Berbak” saioko bideoak izango dira. Ikasleek sarean lortutako informazioari, galdeketen bidez lortutakoa (lagunei, familiarrei, herritarrei…) erants diezaiokete sekuentziak planteatutako jardueren arabera, eta eztabaida bidez ondorioetara iritsiko dira. Informazioa bildu eta gero, ikasleek erkatu egingo dute elkarren artean; datu objektiboak direnean, bat datozen ikusteko, eta subjektiboak direnean iritzi desberdinak azaltzeko. Ikasleek banaka edo taldeka, informazioa eta iritziak besteei agertzeko informazioa eta ideiak egituratzen, sintetizatzen eta ordenatzen ikasi beharko dute. Eztabaidarako eta iritzi trukaketarako metodologia ere jorratuko da, hizkuntzaren inguruko hausnarketa landuz, dauden egoerak, jarrerak, usteak eta praktika linguistikoak ezbaian jarriz eta helburutzat hartuz euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrera baikorrak sustatzea eta praktikan ere eragitea.
Horrez gain, azken xede komunikatiboari erantzuteko behar dituzten trebezietan sakonduko dute ikasleek. Azken xedea, adibidez, herritar jakin batzuei elkarrizketa egitea baldin bada, elkarrizketaren ezaugarriak zein diren ikasiko dute, eta gaiaren gainean bildu duten informazioa elkarrizketa galderekin lotuko dute. Beste adibide bat: azken xedea komiki bat egitea bada, zeinetan hiztun mota ezberdinen arteko hartu-emanen istorio bat irudikatu behar duten, ikasleek komiki bat egiteko oinarrizko elementuak zein diren ikasiko dute, eta bestetik, hiztun mota bakoitzaren errealitate komunikatiboa zein den aztertuko dute (nola pentsatzen duen, pentsamendu horren arabera zer esango lukeen edo-eta nola hitz egiten duen). Bidaia kooperatibo honetan irakaslea laguntzaile eta aholkulari izango dute.
3. FASEA: GAUZATZE FASEA
Fase hau ekintza fasea izango da, “kontsignaz” beteriko fasea, alegia. Orain arte bildutako informazio guztian oinarrituta, azken helburuari erantzuteko ekintzak egingo dira: bildutako informazioa antolatu, testu mota jakin batean kokatu, hizkuntza mota askotarikoak erabili (digitala, grafikoa, idatzia edo ahozkoa). Modu kooperatiboan egingo dute lan. Materiala ekoizten ari diren bitartean, autozuzenketa eta taldekoa ere landuko dituzte.
4. FASEA: XEDEA EKOIZTEA ETA PLATAFORMARA IGOTZEA
Ikasleek, sekuentzia bakoitzaren amaieran, helburu zuten materiala ekoiztu eta plataformara igoko dute. Prozesu honek, euskararen eta eleaniztasunaren inguruko balioez hausnartzeko aukera eskainiko die. Curriculumaren euskal dimentsioan murgilduz eta praktika eta ohitura linguistikoak aldatuz, euskara gehiago erabiltzea lortu nahi litzateke. Bestalde, sekuentzia bakoitzeko ebaluazioan harritu dituena edo deskubritu dutena azpimarratzean, hizkuntzaren dimentsio eta balio anitzez jabetuko dira. Glosategiaren bidez soziolinguistikarekin eta euskararekin lotura duten hainbat kontzeptuen esanahia barneratuko dute. Sekuentziak osatzea, norbere ezagupenak neurtzeko eta usteak ezbaian jartzeko bide eraginkorrenetakoa izango da. Saiatuko gara, eskola desberdinetan landutako material desberdinak elkarrekin zintzilikatu ahal izateko bideak egiten. Lortuz gero, materialen arteko trukeak, lehiaketak, etab. antolatu ahal izango lirateke.
5. FASEA: EBALUAKETA
Ebaluazio-irizpideetan, besteak beste, honako irizpideak hartuko dira kontuan:
– Ahozko eta ikus-entzunezko testuak ulertzea,
– Ea landutako ahozko testuen esanahi osoa eta horien atalen lotura logikoak berreraiki eta ahoz adierazten dituen.
– Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutzak erabiliz, Euskal Herriko errealitate elebiduna interpretatzea.
– Ea deskribatzen duen ikastetxeko egoera soziolinguistikoa, soziolinguistikaren oinarrizko zenbait kontzeptu aplikatuz.
– Ea errespetuzko jarrera ageri duen Euskal Herriko hizkuntza ofizialekiko.
– Euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan parte hartzea eta ohiko komunikazio-egoeretan euskara erabiltzea.
– Oinarrizko ezagutza soziolinguistikoak erabiliz, hizkuntza errealitateen aniztasunaz kontzientziatzea.
– Ea identifikatu eta errespetatzen dituen ikasgelan, ikastetxean eta inguruan dauden hizkuntzak, eta hizkuntzekiko eta horien hiztunekiko aurreiritziak baztertzen dituen.
– Ea inguruan dagoen eleaniztasunarekiko eta kultura aniztasunarekiko jarrera positiboa eta errespetuzkoa ageri duen.
Fase bakoitzaren amaieran, edo irakasleak egokiago ikusten badu sekuentziaren amaieran, ikasle bakoitzak zertan ikasi duen eta talde gisa zer ikasi duten zehaztu beharko dute:
– Gai curricularraren ezagupenari eta ulermenari dagokionez.
– Komunikazio mailan izan dituzten beharrei eta lortu duten gaitasunari dagokionez.
– Behar ziren bitartekoak erabiltzeko lortu duten gaitasunari dagokienez.
– Praktika linguistikoetan izandako garapenari dagokienez.
Ikasle bakoitzaren konplexutasuna edo-eta gelako aniztasuna kontuan hartu nahi ditugunez, lehenetsiko da ebaluazioa izatea formatiboa. Sekuentzia didaktikoarekin abiatzeko garaian, testuinguratze fasean ikasleek zituzten ezagutza eta konpetentziak alderatuko dira azken ekoizpen fasean lortu denarekin. Ikasle edo-eta ikasle-talde bakoitzak bidean egindako aurrerapena baloratuko da, eta ez azken emaitza bere horretan bakarrik.
HELBURU OROKORRAK
- helburua: Hizkuntza erabiltzeko era askotako eremuetatik jasotako ahozko diskurtsoak, idatzizkoak eta audiobisualak, ulertzea eta ikuspegi kritikoz interpretatzea, horietan ulertutakoa beste komunikazio-egoera batzuetan aplikatzeko.
- helburua: Ahoz eta idatziz, esan-idatziak egoki, koherentziaz eta zuzen adierazteko eta solasteko gai izatea, errespetuzko eta lankidetzarako jarrera hartuz; komunikazio-premia bakoitzari eraginkortasunez erantzuteko.
- helburua: Testuak ulertzeko eta sortzeko prozedurak kontuan hartuz, erlazioan dauden hizkuntzen sistemei buruz autonomiaz hausnartzea, horietako bakoitza behar bezala, koherentziaz eta zuzen erabiltzeko eta transferentzia positiboak ahalbideratzeko.
- helburua: Ereduzko testuak eta norberak hautatutako testuak irakurriz eta ikus-entzunezko beste eremu batzuk ere kontuan hartuz, literatura-obrez gozatzea, norberaren esperientziari zentzua emateko, mundua ulertzeko eta sentiberatasun estetikoa garatzeko.
- helburua: Literatura-generoen oinarrizko arauei eta horien bilakaera historikoaren oinarrizko etapei eta obrei buruzko ezagutza erabiltzea, literatura-testuen eta literatura-asmoko testuen ulermen partekatua bultzatzeko, literatura-ondarea balioesteko, norbanakoak eta taldeko esperientziak sinbolizatzeko eta norberaren kultura-identitatea eraiki ahal izateko.
- helburua: Soziolinguistikako oinarrizko ezagutzen laguntzaz, gure errealitate elebiduna, eleaniztasuna eta kultura-aniztasunaren dibertsitatea ezagutzea, interpretatzea eta balioestea.
- helburua: Informazio eta komunikazio teknologiak autonomia eta espiritu kritikoz erabiltzea, informazioa lortzeko, komunikatzeko eta elkarlanean aritzeko.
- helburua: Norberaren ikaskuntza-prozesuei buruz hausnartzea, beste hizkuntzetan eta gaietan jasotako ezagutzak eta komunikazio-estrategiak transferitzeko eta ikaskuntzan autonomiaz jokatzeko. Norberak duen konfiantza adierazi, ikaskuntza linguistikoaren autorregulazioa sustatzeko.
HELBURU ESPEZIFIKOAK
Aipatu berri ditugun helburu orokor horiek aintzat harturik, material didaktiko honek, honako helburu zehatz hauek izango ditu:
- Euskararen oinarrizko datu soziolinguistiko gaurkotuak ezagutzea, munduko beste hizkuntzen errealitatearekin erkatuz, euskararen biziberritze-prozesuaren egoera modu egokian interpretatu ahal izateko.
- Gaur egun euskarak dituen erronka nagusienen berri eskaintzea, eta hiztunok maila indibidualean euskararen alde egin dezakeguna azaltzea, jarrera baikor eta aktiboak eta erabilera eta praktika egokiak bultzatuz.
- Euskal Herriko askotariko errealitate soziolinguistikoen berri ematea eta ikaslea kokatzen den herri edo eremuko hizkuntzaren egoera ikuspegi kritikoz interpretatzeko oinarriak eskaintzea, beti ere, hizkuntza aniztasunaren inguruko balioak sustatuz.
- Teknologia berriek hizkuntzen mundura ekarri duten paradigma berria eta teknologiek euskararen biziberritze-prozesuan eskaintzen dituzten aukerak ezagutzea eta erabiltzera bultzatzea.
- Euskararen bilakaera historikoaren unerik esanguratsuenak ezagutzea, bizi dugun errealitate soziolinguistiko konplexua interpretatzeko bideak eskainiz.
- Gaur egungo gazteen tipologia soziolinguistikoak ezagutzea, hizkera guztien prestigioa nabarmenduz, hizkuntza-ohituren aldaketarako proposamenak eginez eta beraien interesekoak izan daitezkeen erreferentziak eskainiz